30 martxoa, 2017 Kultura Live

Beltza Weekend jaialdiak soul eta R&B onenaz beteko du Iruñea

Musika beltza ardatz izanen duen Beltza Weekend jaialdiaren lehen edizioa heldu den irailaren 28, 29 eta 30ean eginen da Iruñean. Estreinako hitzordu honetan soul eta rhythm&blues estiloetan oinarritutako kontzertu sorta dotore eta askotarikoa izanen dugu gozagai eta musika beltzeko disko jartzailerik onenak ekarriko ditugu hirira. Zuzeneko emanaldiak Zentral aretoan izanen dira eta egitaraua nazioarteko taldeekin osatuko da. Bien bitartean, disko jartzaileen saioak Alde Zaharreko hainbat tabernatan eginen dira. Beltza Weekend irauteko asmoarekin jaio da. Aurki kartela osatuko duten lehen taldeak jakinaraziko ditugu.

Musika beltzean espezializatutako Gautxoriak Soul Club eta Shakin’ Brothers kolektibo iruindarrek indarrak batu dituzte Beltza Weekend jaialdia sortzeko Zentral aretoarekin elkarlanean. Helburua hauxe: Musika eta kultura beltzaren soinu-oihal eta espresiobide zenbait Iruñera asteburu luze batez ekartzea (hortik jaialdiaren izena): Soul eta R&B-etik (funk eta bluesa zaku zabal honetan sartuko ditugu) ska eta rocksteady jamaikarreraino, rock and roll beltza bazter utzi gabe. Eta, noski, jazza bere alderdi dantzagarrienean, alegia, klub eta organ-groove zaporedun jazza. Edonola ere, jaialdia aipatutako estiloen jatorriari so jaio da, hau da, joan sen mendeko 50, 60 eta 70etako hamarkadei begira, nahiz eta ez duen, inondik inora, hitzordu “revival”-zalea izateko inongo asmorik.

Kontzertuen egitaraua, aurki jakinaraziko duguna, Zentral aretoarekin elkarlanean osatu da. Izan ere, Zentral izanen da zuzeneko emanaldien epizentroa. Halaber, asteburu osoan zehar –ostegunetik larunbatera– hainbat jai eta saio egingo dira musika beltzeko disko-aukeratzaile onenen eskutik. Horien artean, nabarmentzekoak izanen dira jaialdiaren beste bi egoitzatan eginen direnak: La Urbana eta Nebula tabernetan, hain zuzen ere, Zentralen bertan eginen den saio berezia ahaztu gabe. Eta adi, izan ere larunbatean eguerditik hasita iluntzera arte musika egonen baita: hiriko hainbat txokotan aldi berean eginen den alldayer-a. Saio guztiak biniloarekin eginen dira.Aurki itxitako lehen taldeen izenak jakinaraziko dizkizuegu eta detaile gehiago emanen ditugu festei, disko jartzaileen saioei eta prestatzen ari garen jarduera paraleloei buruz.

Tagged: