EUSKO JAURLARITZAK BABESIK GABE UTZI DITU KONTZERTU ARETOAK

Kontzertu aretoak Eusko Jaurlaritzak argitaratutako kultura arloko profesionalei zuzendutako COVID-19 diru-laguntzetatik kanpo gelditu dira. Erabaki hau Jaurlaritzak kontzertu aretoak kultur eraikin bezala izendatzeko borondate faltaren ondorioa dela uste dute aretoek, eta ez dute ulertzen bizi duten egoeraren aurrean Jaurlaritzak duen jarrera. Kontzertu-aretoen sarea balio aktiboa da gure gizartearen garapen kulturalean, eta publikoak sentsibilizatzeko funtsezko zatia da. Proposamen artistiko berrientzat harrera eta hedapen guneak dira eta lanpostu ugari sortzen dituzte: teknikariak, promotoreak, administrariak, komunikazio eta marketin zerbitzuen hornitzaileak, etab. Aretoetako jarduerekin zuzenean lotuta dauden sektoreak. Kontzertu aretoek ez dute ulertzen euskal kultur-eszenarentzat etorkizuneko balio aktiboak sortzeko funtsezkoa den sektorea laguntzeko borondate falta.

Laguntzarik gabe eta gaur egun jasan behar dituzten murrizketekin kontzertu aretoak ito egin dira, eta diru-laguntza estrukturalik gabe bizirik jarraitzea ezinezkoa da. Jarrera hau beste herrialde batzuk erakutsi duten jarreratik oso aldenduta dago. Europako herrialde askotan ezinbesteko gune bezala izendatu dituzte kontzertu aretoak eta kultura babesteko estrategietan barneratu dituzte. Europar Batasunak 2020an lehen aldiz argitaratu zituen kontzertu areto txikiei zuzendutako diru-laguntzak, kulturaren sarearentzat ezinbestekoak direla aitortuaz. Politika horietatik urruti dago Jaurlaritzaren jarrera.

Gaur egungo egoerarekin eta murrizketekin ezinezkoa da aretoek jarduera errentagarria burutzea. Babesik gabe eta aurretik agindutako egiturazko laguntzarik gabe kontzertu aretoak etorkizun ilun baten aurrean aurkitzen dira.

LIVE DMA elkartearen oharra

COVIDaren krisiarekin, zuzeneko musikako eszenak oso kaltetuak izan dira: kontzertuak antolatzean, distantzia fisikoaren murrizketak eta edukiera mugatuak direla-eta, areto eta klub gehienentzat oso zaila da, ezinezkoa ez bada, zuzeneko musikako ekitaldiak aurrera eramatea kostuei aurre eginez. Ikus-entzule gutxiagok diru-sarrera gutxiago dakarte; izan ere, sarrerak, elikagaiak, edariak eta bestelako zerbitzuak saltzearen bidez sortutako diru-sarrerak dira kontzertu-aretoen eta artisten diru-sarrera nagusiak. Testuinguru kezkagarri horrek, eta babes publikorik gabe desagertzeko arriskuan dauden espazio kultural horien etorkizuna, egoera larrian jarri zituen zuzeneko musikaren eszena.

Europako erakundeak kultura eta sormen sektoreetarako Creative Europe programa berria abian jartzen ari dira orain, zuzeneko musikaren sektoreari arreta berezia eskainiz. Hala ere, sektorearen berpizkundea estatu kide guztietako gobernuek beren ekintzak koordinatzen badituzte eta berreskuratze-planetan tokiko musika-eszenei babes handia ematen badiote izango da posible.

Horregatik eskatzen diegu gobernuei zuzeneko musikako espazioetarako, DJ emanaldiak programatzen dituzten klubak barne, diru-laguntza pakete bat eta babes sendoa ematea. Gobernuei zuzeneko musikaren sektorea ordezkatzen duten erakundeekin hitz egitea gomendatzen diegu, sektorearen beharretara hobekien egokitzen diren neurriak eta finantzaketa ezartzeko.

Babestu kultura eta babestu zure tokiko musika-eszena!

 

Prentsa ohar hau babesten duten elkarteak:

Musikari, Euskal Herriko Musikarien elkartea

MUSIKAGILEAK Euskal Herriko Musikagileen Elkartea

Live DMA

ACCES Asociación Estatal de Salas de Conciertos

ASACC Associació De Sales De Concerts De Catalunya

LA NOCHE EN VIVO Asociación de Salas de Conciertos y Espectáculos de Madrid

ARAGON EN VIVO Asociación Profesional de Salas de Música de Aragón

Otsailaren 6an ospatuko da Open Club Day ekimenaren laugarren edizioa

2021eko otsailaren 6an, larunbata, Open Club Day ekimenaren laugarren edizioa ospatuko dute Europako zuzeneko musika aretoek. Ohikoa den bezala proiektu ezberdinak antolatuko dira, Euskal Herrian Kultura Live elkarteko kide diren Ondarruko Beikozini aretoak eta Gasteizko HellDoradok haurrei zuzendutako ikastaroak egingo dituzte.

2020ko krisiak gogor kolpatu du zuzeneko musika eta kontzertu aretoak denbora luzez itxita egon behar izan dira. Horietako batzuk oraindik ere itxita daude. Horregatik, inoiz baino nabarmenagoa da musikaren ekosisteman ezinbestekoak diren gune hauek babestea. Musika Bulegoak kolaboratzaile bezala bat egiten du ekimen honekin.

Hemen irakurri dezakezue #OpenClubDay antolatzen duen Live DMA elkarteak osatu duen oharra:

Erresilientzia eta elkartasun ekintza bat.

Gaur egun askok itxita jarraitzen badute ere, kontzertu aretoak gauza berriak ezagutzeko eta aniztasunerako espazioak dira. Dinamika hauek nabarmentzeko abiatu zen Open Club Day. 2020ko martxotik zuzeneko musikaren ekosistema guztia hilzorian dago. Kontzertu aretoek bizirauteko borrokan jarraitzen dute.

Zuzeneko musikaren gune hauek ibilbide artistikoa bultzatzeko balio dute eta gizakien askatasunerako ezinbesteko topaguneak dira. Milaka pertsonei ematen diete lana eta entretenimendurako leku alaiak izateaz gain Europako milioika biztanlerentzat proposamen kultural berriak ezagutzeko ezinbesteko guneak dira.

Tokiko eszena musikala inoiz baino gehiago babestu behar dugu orain. Zuzeneko musikaren profesionalek merezi duten errekonozimendua jaso behar dute. Aurrekaririk gabeko krisi honen eztandarekin batera eraikin artistiko eta kultural hauek mantentzeko borrokan dihardute. Espazio hauek etenik gabe segurtasun neurrietara egokitzeko lanean jarraitzen dute, gune seguruetan bilakatuz: langileentzat, musikarientzat eta publikoarentzat.  Eta hori sormenez betetako erantzunekin lortu dute.

(Open) Club Day zuzeneko musikaren espazioek duten boterearen aldeko manifestazioa izatea nahi dugu: jendea batzeko eta gure gizarteari erantzun alaiago bat emateko.

Gure musika aretoen errealitate gogorra hobeto ulertzeko aukera hau aprobetxatu dezagun!

Adierazpen hau Live DMAk argitaratu du eta [Open] Club Day webean sinatu dezakete mugimendu honetara batu nahi duten kontzertu aretoek, jaialdiek, elkarteek, kultur teknikariek eta langileek, zuzeneko musikaren zaletuek, etab. Sinatzaileak [Open] Club Day webgunean sailkatuko dira.

 

“Zu non, han DA!”, Durangoko Azoka Euskal Herriko kontzertu aretoetan

Durangoko Azoka Euskal Herri osora zabalduko da edizio honetan, “Zu non, han DA!” egitasmoaren bidez. Gerediagako presidente Nerea Mujikak eta Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburu Bingen Zupiriak aurkeztu zuten ekimen berri hau, Donostiako Dabadaba aretoan egindako prentsaurrekoan.

Osasun-alarmak ezarritako aforo eta mugikortasun murrizketak kontuan hartuta, Durangoko Azokak erabaki du “Zu non, han DA!” proiektu berri hau antolatzea, online denda eta Durangon bertan egongo diren jarduerez gain. Ekimen honen helburua Azoka kulturzaleengana gerturatzea izango da, aurten kulturzale guztiek ezin izango dutelako Durangora urteroko bisita egin.

Egitasmo berri honek ardatz nagusi bi izango ditu: Plaza eta Denda. Lehenengoa, musika eta zuzenekoekin lotuta egongo da. Durangoko Azokak kontzertuak antolatuko ditu Euskal Herriko zortzi herritan: Amurrio (Burubio), Gasteiz (Jimmy Jazz), Bermeo (Kafe Antzokia), Bilbo (Euskalduna), Ondarroa (Beikozini), Azpeitia (Sanagustin eta Soreasu), Donostia (Doka eta Dabadaba) eta Atarrabia (Totem). Ipar Euskal Herrian ez da aukerarik egon zuzenekorik antolatzeko, osasun-egoerak ezarritako arauen eraginez.

Kontzertuak abenduaren 5etik 8ra antolatuko dira, eta herri bakoitzean bi eguneko egitaraua egongo da. Guztira 32 taldek parte hartuko dute: batzuk ibilbide luzeko bandak izango dira, eta beste batzuk, ostera, lehenengo diskoa atera dutenak. Estilo aldetik ere, aniztasun handia egongo da banden artean: Gatibu, Zea Mays, Nøgen, Dupla, Sua, Brigade Loco, Amorante, Raitx, Gatom, Kaleko Urdangak, Liher, Ene Kantak, Joseba Irazoki…

Kontzertuetako sarrerak bihartik aurrera, azaroak 21, eskuratu ahal izango dira www.durangokoazoka.eus webgunean, 11:00etatik aurrera. Sarreren prezioa 8 eta 15 euro artekoa izango da, eta unean-uneko osasun-arauak errespetatzea beharrezkoa izango da.

Bigarren ardatza, Durangoko Azoka amaitzerakoan helduko da, hots, abenduaren 9tik aurrera, urtarrilaren 8ra arte. “Zu non, han DA!” ekimen honen baitan, Euskal Herriko hainbat liburudendatan Azokako produktuak egongo dira salgai, modu presentzialean. “Azokako online denda abenduaren 4tik 8ra egongo da zabalik, baina Azokaren eragina gabonetarako erosketetara ere zabaldu nahi dugu, eta liburudendetan emango diogu jarraipena online dendari”. Izena emateko epea irekita dago liburudendentzat, www.durangokoazoka.eus webgunean.

Horrez gain, noski, Azokak Durangoko egitarauari eutsiko dio, abenduaren 4tik 8ra arte. Landako gunean eta Plateruenan hamaika jarduera egongo dira: kontzertuak, solasaldiak, ikuskizunak, umeentzako jarduerak, proiekzioak… Azaroaren 26an aurkeztuko da Durangoko egitarau osoa eta aurtengo gainontzeko nobedadeak.

Nerea Mujikak gogoratu duenez, gaur egun indarrean dauden mugikortasun ezarpenen eraginez, Durangoko eta mugakide diren herrietako biztanleak bakarrik joan ahalko dira modu presentzialean Durangoko egitarauaz gozatzera. “Hori dela eta, aurten euskal herrietatik Durangora etortzerik izango ez denez, Durangoko Azoka joango da euskal herrietara: zu non, han DA!”. Hori da, hain zuzen ere, egitasmo honen helburu nagusia: Azokako egitaraua eta denda kulturzaleengana hurbiltzea, online eta baita modu presentzialean ere.

KONTZERTUEN ZERRENDA // 55DA

 

 

Amurrio (Burubio)

Izatefaltsua + Rodeo – Abenduak 6. 18:00

Sara Zozaya – Abenduak 7. 19:00

 

Atarrabia (Totem)

Liher + Sorkari – Abenduak 5. 18:00

Kaleko Urdangak + Perlata – Abenduak 6. 18:00

 

Azpeitia (Soreasu)

Gatibu – Abenduak 5, 19:00.

*Aforoa beteko balitz, bigarren pase bat antolatuko da 16:00etan.

 

Azpeitia (Sanagustin)

Sua – Abenduak 8, 19:00

 

Bermeo (Kafe Antzokia)

Gatom + J Martina – Abenduak 6. 18:00

Joseba Irazoki + Inoren Ero Ni – Abenduak 7. 18:00.

 

Bilbo (Euskalduna)

Ene Kantak – Abenduak 7 eta 8. 12:00.
Zea Mays – Abenduak 7. 19:00.

Nøgen – Abenduak 8 .19:00

 

Donostia (Dabadaba)

Silicies Grizzlies + Kyxo – Abenduak 5. 18:30

Dena + Habi – Abenduak 6. 18:30

 

Donostia (Doka)

Raitx + Burrundaria – Abenduak 7. 18:00.

Mihise + Kaskezur. Abenduak 8. 18:00.

 

Gasteiz (Jimmy Jazz)

Brigade Loco + Barne Guda – Abenduak 6. 18:00

Amorante + Moxal – Abenduak 8. 18:00

Ondarroa (Beikozini)

Dupla + Nikotina – Abenduak 6. 18:00

Patxuko Nice – Abenduak 8. 17:00

Ezpalak – Abenduak 8. 19:00.

COVID19aren aurkako neurriak

COVID19aren aurkako neurri gisa, Kultura Live elkarteko kideek datozen asteetarako iragarrita zituzten kontzertuak bertan behera uztea erabaki dute. Aretoak istera behartzen duen dekretu ofiziala jaso aurretik hartu dute neurri hau bertako langileen eta bezeroen osasuna eta segurtasuna bermatzeko.

Kultura Live elkarteko kideak kontzertu horiek antolatzeko data berrien bila ari dira eta erositako sarrerak ohiko bideetatik itzuliko dira.

Egoeran jarraipena egiteko. EHMBE elkarteko kideekin, Eusko Jaurlaritzako sail ezberdinekin eta Live DMA elkarteko kolaboratzaileekin harremanetan gaude.

Azkena Rock Jaialdiaren Rock Party banden lehia, Hell Dorado aretoan

Martxoaren 7an, larunbata, Gasteizko Hell Dorado aretoak Azkena Rock Jaialdiak bultzatutako Rock Party banden lehiaren semifinaletako bat hartuko du.

Ghost Number, John Dealer & The Coconuts eta Walnut dira bertan parte hartuko duten taldeak.

Kontzertu honetara joateko sarrera doakoa da eta gonbidapena esteka honetan eskuratu daiteke.

Sei talde iritsiko dira Madrileko Sala Sol aretoan egingo duten finalera. Irabazleak 2020ko Azkena Rock Jaialdian jotzeko aukera izango du.

 

 

115 zuzeneko musika areto, Open Club Day proiektuaren hirugarren edizioan

Live DMA elkarteak antolatzen duen Open Club Day ekimenaren hirugarren edizioa egingo da datorren otsailaren 1ean.

Guztira Europa osoko 115 zuzeneko musika aretok parte hartuko dute. Azpeitiako Sanagustin aretoa izango da Euskal Herriko ordezkaria.

2020ko edizioan Estonia, Italia, Danimarka, Islandia edo Hungaria bezalako herrialdeetako musika aretoak batu dira egunez egiten den proiektu honetara.

Open Club Day-ren helburuak zuzeneko musika aretoek egiten duten lana gizarteratzea eta balioan jartzea dira.

Zuzeneko musika aretoak bere komunitateko kultur eragile dinamikoak dira, bere entzuleak babesten dituzte eta artisten garapen artistikoa bideratzen dute. Horretaz gain enplegua sortzen dute. Zuzeneko musika-aretoek zuzeneko musikaren balio ekonomiko, sozial eta kulturalak bultzatzen dituzte.

Open Club Dayn parte hartuko duten aretoetako eszenatokietan ekitaldi ugari antolatuko dira: tailerrak, soinu froga irekiak, erakusketak, hitzaldiak, etab. Denok ongi etorriak zarete Open Club Day-n!

Sanagustin eta Dabadaba aretoak, Open Club Day ekimenaren bigarren edizioan

Europa osoko 120 zuzeneko musika areto baino gehiagok parte hartuko dute otsailaren 2an egingo den Open Club Day ekimenean. Kultura Live elkartea Dabadaba eta Sanagustin aretoek ordezkatuko dute.

#Openclubday proiektuari esker zuzeneko musika aretoetan egiten den lana herritarrei gerturatzeko asmoa duten ekimen ezberdinak antolatuko dira. Zuzeneko musika ere ez da faltako!

Open Club Day Live DMA elkarteak bultzatutako ekimena da.

16 urtetik beherakoak Nafarroako musika aretoetan sartu ahal izango dira

Kultura Live elkarteak 2018ko urriaren 16an Nafarroako Parlamentuan egindako eskariak aurrera egin du eta 16 urtetik beherakoak Nafarroako dantzaleku, diskoteka eta antzekoetan sartu ahal izango dira zuzeneko musika emanaldiak daudenean.

2019ko urtarrilaren 11an Parlamentuko Osoko Bilkurak Nafarroako Kultur Eskubideei buruzko Foru Legea onetsi zuen.

16 urtetik beherakoak dantzaleku, diskoteka eta antzekoetan sartu ahalko direla ere onartu zuen zuzeneko emanaldiak daudenean. “Beren guraso edo tutoreekin sartu beharko dira, eta emanaldia amaitzen denean adingabeak ezin izanen dira establezimenduan geratu”. Hala, “adingabeek kulturarako duten eskubidearen eta haien babesa segurtatzeko betebeharraren artean behar den oreka bermatu” nahi da. Talde eta elkarte guztiek sinatu duten zuzenketa horren ondorioz aldatu eginen da martxoaren 13ko 2/1989 Foru Legearen 10. artikuluaren 5.a) apartatua.

Kultura Livek Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunak sailarekin lanean jarraitzen du aldaketa hau Bizkaiako, Arabako eta Gipuzkoako zuzeneko musika aretoetan gauzatzeko.

Hemendik Queremos Entrar elkarteak eskainitako laguntza eskertu nahi dugu.

Giante taldeak irabazi du Bilbao Hiria 30. Pop Rock Lehiaketako Kultura Live saria

Gasteizko Giante taldeak irabazi du Bilbao Hiria 30. Pop Rock Lehiaketako Kultura Live saria eta abenduaren 9an Iruneko Tunk Aretoan aurkeztuko du This Is Fine.

Musika talde berriei laguntzeko asmoarekin sortutako saria da hau. Honi esker Kultura Live elkarteak talde saridunari bere probintziatik kanpo dagoen elkarteko areto batean kontzertua antolatu dio.

Giante post hardcore doinuak lantzen dituen talde gasteiztarra da. 2018an argitaratutako This Is Fine aurkezten ari da. Zuzeneko indartsua duen talde baten aurrean gaude.

Kultura Livek ekimen hau aurrera eramateko Bilboko Gazteria sailak emandako babesa eskertu nahi du.

 

MUSIK ON 2018

Ferenc Nemeth Band, Endless Boogie, Butarock (Euphoric, Anónimos, Hyronika) Dorian, Kaydy Cain, El Gran Wyoming & Los Insolventes, Elefantes, The Hi-Risers, The Swingin’ Neckbrakers, Charlie Winston, Naya, Jabier Muguruza, Bilboloop’ 18 (Le Boom, Dama Scout, Cecilia Payne), Villagers, Taburete, Buffalo, American Band, Perfect World, Midnight Road, Liv Wallace eta Chamán, MUSIK ON, Musika Aretoen Asteburua ekimenaren hirugarren edizioan.

Azaroaren 15etik 18ra KULTURA LIVE elkarteko kideak diren aretoek MUSIK ON, Musika Aretoen Asteburua ospatuko dute.

Aurreko edizioetan bezala zuzeneko musika areto profesionalek urtean zehar egiten duten lana nabarmendu nahi da proiektu honekin.

2017ko azaroaren 23tik 26ra egin zen MUSIK ON, Musika Aretoen Asteburua’-ren bigarren edizioan 7.426 ikus-entzule bildu ziren antolatutako 25 kontzertuetan.

Proiektu honekin urte osoan zehar Kultura Liven hamargarren urteurrena ospatzeko antolatu diren ekimenekin amaituko dugu: Kultura Live Zirkuituaren bigarren edizioa, Live DMA elkartearen Batzar Nagusia, eta BIME PRO 2018n antolatutako hitzaldiak, besteak beste.

MUSIK ON 2018

AZAROAK 15 

 

FERENC NEMETH BAND

BILBAÍNA JAZZ CLUB

BILBO

 

RENDEZ VOUS + STRUCTURES

LE MAGNETO

BAIONA

 

ENDLESS BOOGIE

DABADABA

DONOSTIA

 

DORIAN

KAFE ANTZOKIA

BILBO

 

AZAROAK 16

 

KUTXI ROMERO eta VUELO 505

DOKA ANTZOKIA

DONOSTIA

 

SUNGRAZE + ORIGINALLY NOWHERE

LE MAGNETO

BAIONA

 

Fiesta BUTAROCK

EUPHORIC + ANÓNIMOS + HYRONIKA

TUNK ARETOA

IRUN

 

KAYDY CAIN

DABADABA

DONOSTIA

 

VILLAGERS

ATABAL

BIARRITZ

 

EL GRAN WYOMING & LOS INSOLVENTES

KAFE ANTZOKIA

BILBO

 

DORIAN

ZENTRAL KAFE ANTZOKIA

IRUÑEA

 

AZAROAK 17 

 

LIV WALLACE

TOTEM ARETOA

ATARRABIA

 

CHAMÁN

INDARA

IRUÑEA

 

Bilboloop 2018

LE BOOM + DAMA SCOUT + CECILIA PAYNE

KAFE ANTZOKIA

BILBO

 

THE HI-RISERS + THE SWINGIN´ NECKBRAKERS

HELL DORADO

GASTEIZ

 

TABURETE

ZENTRAL KAFE ANTZOKIA

IRUÑEA

 

ELEFANTES

DABADABA

DONOSTIA

 

CHARLIE WINSTON  + NAYA

ATABAL

BIARRITZ

 

AMERICAN BAND + PERFECT WORLD + MIDNIGHT ROAD

SANTANA 27 / FEVER

BILBO

 

 

AZAROAK 18 

 

JABIER MUGURUZA

BEIKOZINI

ONDARROA

 

VILLAGERS

KAFE ANTZOKIA

BILBO

 

BUFFALO

SAN AGUSTIN

AZPEITIA

Jarri zaitez gurekin kontatuan