12 iraila, 2018 Kultura Live

LIVE DMA ELKARTEAREN BATZAR NAGUSI ARRAKASTATSUA ANTOLATU GENUEN EKAINEAN BILBON

Ekainaren hasieran Kultura Live Live DMA Europako zuzeneko musika areto eta musika jaialdien elkartearen Batzar Nagusia antolatzeaz arduratu ginen.

Lehen aldiz Europa osoko 2.500 musika areto eta jaialdi ordezkatzen dituzten 18 elkarteak bildu ziren Kafe Antzokiko jardunaldietan. Euskal Herriko zuzeneko musikarentzat mugarri garrantzitsua.

Elkarte bakoitzak etorkizunera begira dituen erronkak aurkeztu zituen eta egunerokoan ditugun esperientziak eta zailtasunak partekatu genituen.

Kultura Livetik Joko eta Ikuskizunak sailaren adingabekoen legearekin dugun arazoa aurkeztu genuen. Gaur egun adingabekoak ezin dira gauez zuzeneko musika aretotan kontzertuak ikustera sartu eta hori aldatzeko sortu dugun proiektuaz hitz egin genuen. Legea aldatzeko konpromisoa eskatu diegu instituzioei eta aldaketa hori gauzatu arte lanean jarraituko dugu.

Live DMAk #LiveStyleEurope proiektuaren lehendabiziko edizioaren ondorioak aurkeztu zituen eta bigarren edizioaren norabidea adostu genuen.

Batzar Nagusian Euskal Herriko Musika Bulegoaren babesa ere izan genuen. Basque Music Showcase antolatu zuen Gatibu eta Atom Rhumba taldeen emanaldiekin. Instituzioetako eta musikaren sektoreko lagun ugari bildu ziren Kafe Antzokia bete zuen emanaldian.

Kultura Live elkartearen X.urtemuga

Live DMA elkartearen Batzar Nagusia Kultura Live elkarteak X. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan aurkitzen da. Ospakizun hauek 2018ko maiatzean hasi ziren Kultura Live Zirkuituaren bigarren edizioarekin eta udazkenean egingo diren Kultura Live Lab eta Musik On ekimenekin jarraituko dute. Aurten lehen aldiz BIMErekin elkarlanean zuzeneko musika aretoei buruzko bi jardunaldi ere antolatuko ditugu.

Tagged: