Live DMA Europako zuzeneko musika aretoen eta musika jaialdien elkarteak Bilbon egingo du Batzar Nagusia

Ekainaren 4tik 6ra Kultura Live elkarteak Live DMA Europako zuzeneko musika aretoen eta musika jaialdien elkartearen Batzar Nagusia antolatuko du Bilbon.

18 elkarte ezberdinetako 40 ordezkaritik gora bilduko dira Kafe Antzokian egingo den hiru egunetako topaketan. Live DMA elkarteak 2.500 musika areto eta 52.000 langile biltzen duen sarea osatzen du. Urtero 56 milioi bisitaritik gora hartzen dituzten zuzeneko 381.760 ekitalditik gora antolatzen dituzte nazioarteko elkarte honetako kideek.

Live DMA elkartearen helburu nagusiak zuzeneko emanaldien baldintzak hobetzea, eta Europako zuzeneko musika aretoak eta bertako langileak laguntzea dira.

Bilbon egingo den Batzar Nagusiaren zutabe nagusietakoa Live Style Europe (LSE) izango da. Europako Batzordearen Creative Europe ekimenaren baitan aurkitzen den proiektu hau musika aretoak eta musika jaialdiak bultzatzeko eta sendotzeko asmoa duen programa bat da. Helburua lortzen lagunduko duten tresnak sortzeko hainbat topaketa antolatzen dira Europako hiri ezberdinetan. Nazioarteko musika aretoek parte hartzen duten topaketa hauetan Donostiako Dabadaba eta Azpeitiako San Agustin aretoek ordezkatu dute Kultura Live.

Batzar Nagusia Live DMA elkarteko kideek urtero egiten duten topaketa garrantzitsua da. Europako proiektuari buruzko proposamenak partekatuko dituzte eta hurrengo urterako estrategia diseinatuko dute: LSE ekimenaren jarduerak diseinatuko dira, datuak biltzeko The Survey proiektuari buruzko estrategia aztertuko da, hurrengo lan taldeek landu beharreko gaiak aukeratuko dira, Open Club Day jardunaldiaren bigarren edizioa prestatuko da, etab.

Kultura Live Live DMA elkarteko kide aktiboa da: Euskal Herriko zuzeneko musika aretoen ikuspegia Europako kideekin partekatzen du. Zuzeneko musika sektorearen egituran, profesionalizazioan eta onarpenean laguntzen du.

Basque Music showcase-a

Euskal musika atzerrian sustatzea xede duen Basque Music-ek Live DMA elkartearen Batzar Nagusia dela eta showcase-ak antolatuko ditu ekainaren 5ean Kafe Antzokian. Europako programatzaileei euskal musikaren lagin bat erakustea helburu izango duen emanaldi honek bi euskal talderen kontzertuak hartuko ditu.

Kultura Live elkartearen X.urtemuga

Live DMA elkartearen Batzar Nagusia Kultura Live elkarteak X. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan aurkitzen da. Ospakizun hauek 2018ko maiatzean hasitako Kultura Live Zirkuituaren bigarren edizioarekin eta urte osoan zehar luzatuko diren Kultura Live Lab eta Musik On ekimenekin osatuko dira.

Love Of Lesbian Bilbon eta Atarrabian, asteburuan

Love Of Lesbian taldearen ‘El poeta Halley’ Bilbora eta Atarrabiara iritsiko da asteburuan. Martxoaren 31an Santana 27 / Fever aretoan eta apirilaren 1ean Totem aretoan izango dira.

13 abestik eta 15 ilustraziok, Sergio Morak sortuak, osatutako disko liburua da ‘El poeta Halley’ (Warner, 2016), Kataluniako taldearen zortzigarren diskoa. David Bowie bezalako musikarien eragina erakusten duen indie-pop doinuak betetzen du lan hauk eta 2016ko martxoan argitaratu zutenetik zuzenean aurkezten ari dira.

Formatu handiko hainbat jaialditan aritu ostean aretoetan aurkezten dihardute. Bilbon eta Atarrabian izango du Halley poetak hurrengo geltokia.

Jarri zaitez gurekin kontatuan