LIVE DMA ELKARTEAREN BATZAR NAGUSI ARRAKASTATSUA ANTOLATU GENUEN EKAINEAN BILBON

Ekainaren hasieran Kultura Live Live DMA Europako zuzeneko musika areto eta musika jaialdien elkartearen Batzar Nagusia antolatzeaz arduratu ginen.

Lehen aldiz Europa osoko 2.500 musika areto eta jaialdi ordezkatzen dituzten 18 elkarteak bildu ziren Kafe Antzokiko jardunaldietan. Euskal Herriko zuzeneko musikarentzat mugarri garrantzitsua.

Elkarte bakoitzak etorkizunera begira dituen erronkak aurkeztu zituen eta egunerokoan ditugun esperientziak eta zailtasunak partekatu genituen.

Kultura Livetik Joko eta Ikuskizunak sailaren adingabekoen legearekin dugun arazoa aurkeztu genuen. Gaur egun adingabekoak ezin dira gauez zuzeneko musika aretotan kontzertuak ikustera sartu eta hori aldatzeko sortu dugun proiektuaz hitz egin genuen. Legea aldatzeko konpromisoa eskatu diegu instituzioei eta aldaketa hori gauzatu arte lanean jarraituko dugu.

Live DMAk #LiveStyleEurope proiektuaren lehendabiziko edizioaren ondorioak aurkeztu zituen eta bigarren edizioaren norabidea adostu genuen.

Batzar Nagusian Euskal Herriko Musika Bulegoaren babesa ere izan genuen. Basque Music Showcase antolatu zuen Gatibu eta Atom Rhumba taldeen emanaldiekin. Instituzioetako eta musikaren sektoreko lagun ugari bildu ziren Kafe Antzokia bete zuen emanaldian.

Kultura Live elkartearen X.urtemuga

Live DMA elkartearen Batzar Nagusia Kultura Live elkarteak X. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan aurkitzen da. Ospakizun hauek 2018ko maiatzean hasi ziren Kultura Live Zirkuituaren bigarren edizioarekin eta udazkenean egingo diren Kultura Live Lab eta Musik On ekimenekin jarraituko dute. Aurten lehen aldiz BIMErekin elkarlanean zuzeneko musika aretoei buruzko bi jardunaldi ere antolatuko ditugu.

Live DMA Europako zuzeneko musika aretoen eta musika jaialdien elkarteak Bilbon egingo du Batzar Nagusia

Ekainaren 4tik 6ra Kultura Live elkarteak Live DMA Europako zuzeneko musika aretoen eta musika jaialdien elkartearen Batzar Nagusia antolatuko du Bilbon.

18 elkarte ezberdinetako 40 ordezkaritik gora bilduko dira Kafe Antzokian egingo den hiru egunetako topaketan. Live DMA elkarteak 2.500 musika areto eta 52.000 langile biltzen duen sarea osatzen du. Urtero 56 milioi bisitaritik gora hartzen dituzten zuzeneko 381.760 ekitalditik gora antolatzen dituzte nazioarteko elkarte honetako kideek.

Live DMA elkartearen helburu nagusiak zuzeneko emanaldien baldintzak hobetzea, eta Europako zuzeneko musika aretoak eta bertako langileak laguntzea dira.

Bilbon egingo den Batzar Nagusiaren zutabe nagusietakoa Live Style Europe (LSE) izango da. Europako Batzordearen Creative Europe ekimenaren baitan aurkitzen den proiektu hau musika aretoak eta musika jaialdiak bultzatzeko eta sendotzeko asmoa duen programa bat da. Helburua lortzen lagunduko duten tresnak sortzeko hainbat topaketa antolatzen dira Europako hiri ezberdinetan. Nazioarteko musika aretoek parte hartzen duten topaketa hauetan Donostiako Dabadaba eta Azpeitiako San Agustin aretoek ordezkatu dute Kultura Live.

Batzar Nagusia Live DMA elkarteko kideek urtero egiten duten topaketa garrantzitsua da. Europako proiektuari buruzko proposamenak partekatuko dituzte eta hurrengo urterako estrategia diseinatuko dute: LSE ekimenaren jarduerak diseinatuko dira, datuak biltzeko The Survey proiektuari buruzko estrategia aztertuko da, hurrengo lan taldeek landu beharreko gaiak aukeratuko dira, Open Club Day jardunaldiaren bigarren edizioa prestatuko da, etab.

Kultura Live Live DMA elkarteko kide aktiboa da: Euskal Herriko zuzeneko musika aretoen ikuspegia Europako kideekin partekatzen du. Zuzeneko musika sektorearen egituran, profesionalizazioan eta onarpenean laguntzen du.

Basque Music showcase-a

Euskal musika atzerrian sustatzea xede duen Basque Music-ek Live DMA elkartearen Batzar Nagusia dela eta showcase-ak antolatuko ditu ekainaren 5ean Kafe Antzokian. Europako programatzaileei euskal musikaren lagin bat erakustea helburu izango duen emanaldi honek bi euskal talderen kontzertuak hartuko ditu.

Kultura Live elkartearen X.urtemuga

Live DMA elkartearen Batzar Nagusia Kultura Live elkarteak X. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien baitan aurkitzen da. Ospakizun hauek 2018ko maiatzean hasitako Kultura Live Zirkuituaren bigarren edizioarekin eta urte osoan zehar luzatuko diren Kultura Live Lab eta Musik On ekimenekin osatuko dira.

The Dictators NYC, Euskal Herrian

The Dictators NYC, rock eta punk-rock eszenako talde garrantzitsuenetakoa, Euskal Herrira itzuliko da Kultura Live elkarteko kide diren hainbat aretotan kontzertuak eskaintzeko: Dabadaba (apirilak 13), Kafe Antzokia (apirilak 21), Hell Dorado (apirilak 22) eta Zentral (apirilak 26).

New Yorken 1973an sortutako taldeak 1975ean argitaratu zuen ‘The Dictators Go Girl Crazy!’ lehendabiziko diskoa. Gaur egun MC5 eta The Stooges bezalako taldeekin batera AEBko punk rock talde garrantzitsuenetakoa da.

Bere ibilbidean zehar hainbat geldialdi, taldekide aldaketa eta eskubide arazoak izan baditu ere 2014an eta 2015an egin zituzten bezalako bira arrakastatsuak egiten jarraitzen dute.

Apirilaren 13tik aurrera ‘Stay with me’ edo ‘Who will save rock and roll’ bezalako klasikoak zuzenean entzuteko aukera berri bat izango dugu Euskal Herrian egingo duten birari esker.

The Dictators NYC, Euskal Herrian:

Apirilak 13 Donostia, Dabadaba

Apirilak 21 Bilbo, Kafe Antzokia

Apirilak 22 Gasteiz, Hell Dorado

Apirilak 26 Iruñea, Zentral

Jarri zaitez gurekin kontatuan